Izarbeibarreko euskararen ikasliburuaren aurkezpena
![]() |
Larunbata honetan, urriak 23, "Izarbeibarko euskara: ikasliburua eta hiztegia" liburuaren aurkezpena izan da. Ikasliburu honetan oinarrituz egilearen eskutik Garesen hiru eguneko ikastaroa izanen da euskalkira hurbildu nahi duen ororentzat, azaroaren 6, 13 eta 20an. |
Vinculo etxean, eguerdiko 13:00tan, "Izarbeibarko euskara: ikasliburua eta hiztegia" liburuaren aurkezpena izan da eta 13 pertsona bertaratu dira. Aurkezpenari Garesko Alkatea den Feliciano Velezen agurrak hasiera eman dio. Agurra eta gero, Xabier Velez zinegotziak, aurkezpenean parte hartu ezin izan den Presen Mendioroz Kultura eta Euskara zinegotziaren izenean, sarrera egin du.
Geroago, Aitor Arana, ikasliburuaren egileak, liburu hau egin ahal izateko izan dituen erreferentziak gogorarazi nahi izan ditu, Utergako eta Ukarko dotrinak eta Bonaparteren mapa besteak beste. Era berean, Jose Mari Satrustegi zena gogoratu nahi izan du aitzinako euskararen lekukotasuna gordetzen duten idatzien kontserbazioan egindako lan haundia dela eta.
Egileak ere euskararen egoerari buruz hitz egin du. Aipatu du XIX. eta XX. mendeetan euskara toki askotan galdu zela eta egun euskaltzaleen lanari esker berreskuratzen ari dela. Egileak uste du berreskuratze prozesu honetan instituzioek aukera eman beharko luketela bertako hizkuntza guztiak ikasteko eta hori egin ezean akats larri dela. Adibide on bezala Garesko Udalaren lana aipatu du.
Era berean, azpimarratu nahi izan du euskara eta hizkuntzak orokorrean soilik kultura direla eta ez beste ezer.
Batuari buruz ere hitz egin du, Izarbeibarreko euskara eta batua oso antzekoak direla azpimarratzeko.
Bukatzeko, hemendik gutxira, azaroaren 6, 13 eta 20an zehatz mehatz, Garesen izanen den Izarbeibarreko euskarari buruzko ikastaroan parte hartzeko animatu nahi izan ditu aurkezpenean parte hartu dutenak.